Time  3 hours 51 minutes

Coordinates 608

Uploaded December 27, 2019

Recorded December 2019

-
-
981 ft
-7 ft
0
2.0
4.0
8.04 mi

Viewed 142 times, downloaded 7 times

near Ondarroa, País Vasco (España)

Ibilaldian Artibai bailarako paisaia ederrak ikusiko doguz, baita Lea aldera begiratu be, Kalamendi bailara bien arteko munean (mugan) dago eta.

Ondarroatik Errenteria auzora joango gara, eta handik mendian gora Asterrika baserri-auzoraino. Asterrikatik Kalamendira joko dogu. Igoeran, kontuz, azken zatian normalean albotik hobeto igoten dan arren, basoko beharrak ingurua hondatu dabe, eta adarrak eta lur harrotuak enbarazu egiten dabe; halanda be, kontuz, arazo handi barik igo leiteke. Hori garbitzen dan bitartean, beharbada hobe da albora egin barik tontorrera zuzen heltzea, horretarako basa-biderik bada eta.

Kalamenditik Zabalmendiko lepora bideratuko gara, eta handik Zabalmendi munoaren tontorrera. Gero, tontorretik apur bat atzera egingo dogu, eta ostera be lepoan gagozala, eskumatik Berriatura jasten dan bidea hartuko dogu, lehenago Lekoiagoikoa baserriaren ondotik igarota.

Artibai zeharkatu ondoren, Orubixan, Berriatua eta Ondarroa lotzen dituan bidea hartu eta Ondarroara itzuliko gara.

Ondarroan bada ikusteko moduko etxe eta txoko interesgarririk; hurrengo lerroetan gidatxua daukazu, eta “Ondarroako kukutzak” nire ibilbidera jotzen badozu, argazkiak be idoroko dozuz.


ONDARROA

Artibai ibaiaren ahoan dago, eta inguruan dana hondartzak ziranez, hortik izena, hondar-ahoa. Ondarroa uribildua 1327an sortu eban Maria Díaz Haroko Bizkaiko Jaurerriko Andereak. Ordurako sendi arrantzale batzuk bertan bizi ziran. Izan be, Andere Harokoak uri-gutuna emon eutsan demografiagaitik eta interes ekonomikoakaitik, Gipuzkoagaz hartu-emonak indartzearren.

Hiru kaleok osatu eben uria 1480an: Kaleandik, Goiko kaleak (Txomin Agirre) eta Iparkaleak.

Eleiza XV.mendean amaitu eben. Zubia 1335erako eregia egoan (XIV). Egurrezkoa izan zan XVIII.eko erdialdera arte. Txalupak zubian bertan eta eleizaren azpiko oinarrian lotzen zituen, baita Nasa kalean eta Iparkalean be.

Zubia bidesariak kobratzeko tokia zan, itsasadarra zeharkatzeagatik, pertsona nahi abereak izan, bai eta itsasadarrean gora egiteagatik be.

Txalupa batzuk burdina eroaten eben gorago dagoen Errenteria auzoraino, ibai ertzetan egoazan burdinoletan lantzeko. Itzuli eran, burdinolen ekoizpena, gero egurra eta beste gai batzuk ekartzen zituen. Zergak ordaintzen ziran karga eta hustuketagaitik: errenteria.

Likona sendiak, oinaztarrak, Mendexatik urten behar izan izan eban ganboatar eta oinaztarren arteko guda luzean, eta handik 1414an Ondarroara etorri ziran. Berton Likona torrea eregi eben. Merkataritzako jaun-etorrien nagusi egin ziran.

Santa Klara arrantzaleen kofradia XVI. mendearen amaieran eregi eben zubi zaharraren alboan. Beste kofradia bat egon da, San Pedro, XX. mendearen hasikeran arrantzale talde batek arrazoe politikoakaitik sortua, ez egoazalako ados kofradia zaharraren erabagiakaz. 1922an etxea eregi eben Artibai ganean. San Pedro kofradiak 1927a ante iraun eban.

Ondarroa sute handi bik erre dabe, lehenengoa 1473an, bigarrena 1792an, azken hori Konbentzioaren gerran, frantsesek eragindako zigorragaitik. Zigorra Gipuzkoako aldun nagusiek eskatu eutsen frantsesai, bizkaitarrak frantsesen kontra Gipuzkoara egindako inbasinoagatik.

Antxina, arrantzearen salmentak apalak ziran, arrantza batik bat bizi-iraupenezkoa zan ezkero. Balearen ehizak garrantzia eukan, uriaren harmarriak erakusten dauen lez.

XIX. mendearen erdialdean aldaketa errimeak jazo ziran. 1448an Berriz-Ondarroa errepidea egin zan, eta 1857an zubi barria, zaharraren alboan, eta holan, errepidea Mutriku eta Debarantz luzatu eben. Ondarroak bere isolamendu geografikotik urten eban. XIX.eko 60ko hamarkadan Lekeitioko errepidea egin zan. Aldi bertsuan arrantzea, portua, azpiegiturak indartu ziran, eta herria zabaltzen, handitzen hasi zan, batez be itsasoari eta padurai kendutako eremuaren bidez.

Mendearen amaieran, italiar enpresa batzuk agertu ziran, arraina gatzetan kontserbatzeari emonak. Bertokoak be, onurak ikusita, fabrika txikiak sortu zituen. Horrek guztiak bultzada handia emon eutsan arrantzeari. Txalupak be aldatu ziran: baporeen ordez motordunak, eta handitu egin ziran. 1932an arrasteko arrantzea sartu zan, arrantzale askoren protesten artean. Ondarroa arraste-arrantzeari gogo-bihotzez lotu jakon.

XX. mendeko 40 eta 60 hamarkaden artean galiziar, andaluziar eta extremadurar sendi asko etorri ziran itsasoan behar egitera. Arrantzea 1968an heldu zan gailurrera. Handik aurrera, arrazoi batzuk kausa dirala, arrantzeak eten barik beherantz egin dau, eta gaur egun urrun dago orduko mailatik. Halan da guztiz be, hondino Kantauriko kairik garrantzitsuenetariko bat da Ondarroakoa. Gaztediak, ostera, uko egin deutsanez itsasoari, kanporrak dira arrantzale gehienak, asko afrikarrak eta hegoamerikarrak.

Azken hirurogei urteetan, bada, etorkin asko etorri dira Ondarroara. Agintariak, ohiko pentsamendu oneko topikoai jarraituz, kultur aniztasuna txalotzen dabe, bai eta aldarrikatu be euskareak Ondarroan erakusten dauen kemena. Guztiagaz be, ez da belarri zolirik behar euskerearen erabilera behera dabilela, seguruenik kanpotarren eraginagaitik baino gehiago, gaurko bizimoduaren aldaketa gero eta zabalago eta sakonagoagaitik: Danok modernoak gara eta modernoak izan nahi dogu.
Bitxia bada be, batzuetan agintari-teknikariek, lehentasunez, euskerea administrazinoan erabiltzeko premina azpimarratzen dabe. Emoten dau agintari-teknikariok gortu egiten dirala dendetan, tabernetan eta kalean dabizenean.

Danagaitik be, Ondarroa herri elebiduna da, Euskal Herrian geratzen diran ganerako herri euskaldun urriak bezala, eta bere tamainan, segur aski, euskaldunena.


ZER IKUSI

- Uri zaharra
Sorrerako hiru kaleak batez be. Kultur ondare dira 1994tik. Jatorrizko eraikin gitxik iraun dabe, baina, halanda be, antxinako harresiaren trazatuari eusten deutse Erriberak, Kaleandiak eta Txomin Agirre kaleak, jatorrizko abaniko forman batzen dirala Andra Mari eleizan.

- Andra Mari eleiza
Gotiko berankorra, Borgoinako ukitua dauena, batez be leiho borobil handian (rosetón). Udaletxe zaharrak eleizaren sarrerari deutsa. 1480an-edo eregi eben, Gaztelako koroaren babespean, atari bateko harmarriko gazteluak eta lehoiak erakusten daben lez. Flandestar edo borgoinar arkitekto baten zuzendaritzapean bideratu zan, eskulturetan eta leiho borobiletan igarten dan modura. Oso bitxia da, arrazoi bikaitik arean be. Ikusi daigun.

Hatx baten ganean dago eregita, harrizko arku handi batzuk eusten deutsela, non orain dala gutxi arte arrain-sotoak egon diran; herriaren eremua itsasadarraren kontura zabaldu aurretik, oinarri itzelok itsasadarraren ganean egoazan, eta halan, txalupak bertan lotzen zituen. Hondino burdinezko uztaitxuak ikus leitekez.

Goialdean, “kortxel” izeneko balkoi korrituetan, eskultura bitxi batzuk dagoz, hamabi, Erdiaroko korte baten erakusgarri: “Kortxeleko mamuak”, orduko klase guztiak irudikaturik. Balaustradea eta gargola-isurkiak oso aberatsak dira, baita pinakulu landuak be.

Eleizaren argien moltsoa (leihoak) itzela da, aberatsa, nabarmenena Bizkaiko Erdiaroko arkitekturan: leiho handiak, borobilak eta puntadunak, trazeria eta eskultura txikiez apainduak.

Erretaula nagusia, egurrezkoa eta polikromatua, rokoko estilokoa da. Irudiak ere rokoko dira, ez oso baliotsuak. Alboetan erretaula rokoko bi dagoz. Arimen erretaulako San Miguelen taila da eleizako onena, 1515ekoa, hispaniar- flandestarra. San Andresen erretaula, klasizista da, 1625aren ingurukoa, Santa Katalinaren taila hispaniar- flandestarra daukana.

Bateoarria zinez aitatzeko modukoa da, kalitateagaitik eskualdearen maila gainditzen dauena. Gotikoa da, XV.ekoa, harri baltzazkoa.

- Udaletxe zaharra
Antzina herri-eskola bere izan zan. XVIII. mendean eregia, 1850ean fatxada berregin eben estilo neoklasikoan.

- Likona torrea
Segur aski, San Inazioren ama, Marina Saenz de Licona, berton jaio zan. Dorretxe hau 1510ean dago dokumentatuta, eta lehenangoko baten ganean eregiko eben. Aurretik Likonatar sendiko pertsonak aitatzen dira, ez torrea. Jatorriz Errenazimenduko gotikoa zan arren, gaurko eraikina barrokoa da neurri handi baten, XVIII. mendekoa.

- Kofradia zaharra
Gaurko eraikina 1920koa da, eklektiko samarra, estiloan Erdiaroko elementuak klasizistakaz nahasturik daukazana. Turismo bulegoaren egoitza da.

- Zubi zaharra
Hasikeran esan bezala, bidesaria ordaintzen zan zeharkatzeko. 1795ean harriz berregin eben, lehenago egurrezkoa zan eta. 36ko gerran kalte handiak jaso zituala kausa, 1961ean barritu eben.

- Pietate edo Aita Eterno Baseliza

Zubi zaharraz beste aldean dago. XVII. mendearen erdiko santutxo barrokoa da, behinola Gipuzkoako irteera zan atean. Jatorria XIV. mendean dau.

- Alfontso XIII.aren zaldaina (pasarela) edo Plaiko Zubia
“Plaiko zubixe” (hondartzako zubia) XX. mendearen hasierako burdin-arkitekturearen erakusgarria. 1927an eregi zan, Bizkaiko Foru Aldundiak finantzaturik Arrigorriko hondartzara joateko. Zubia edegi egiten da alde batera biraturik, tamaina handiko txalupai sartzen ixteko.

Holako asko egin ziran XIX. mendearen erdi aldean, Bilboko San Agustín zaldainaren antzera, “Puente del Perro Chico” eritxona (1892), 1937an txikitu ebena. Espainian bakarra da, eta Europan zutunik dirauen gitxietariko bat.

- Itsasaurre zubia, edo “Calatraba”
Santiago Calatrava arkitekto eta ingeniariak diseinatua, estilo abangoardistan, 1995ean. Herriaren zorua handiagotzeagaz dago lotuta, itsasadar eta haren ertzen kontura. Herria, beharbada, erosoa da harrezkero, baina ez politagoa. Herri arrantzale zaharraren nortasun estetikoa neurri handi batean galdu dau, eta ez estetikoa bakarrik.

- Kaia, hondartza eta pasealekua
Kai barriaren barra luzeraino joan daiteke. Ez da galdu behar hondartzatik Saturrarango hondartzaraino luzatzen dan pasealekua.

- Antiguako ama baseliza
Uriaren ganeko munoan dago, kanposantuaren ondoan. Baliteke antxina bertan gotorlekuren bat egotea. Antza Ondarroako lehenbiziko parrokia, XV. mendearen amaieran eregia.

Kanpoko estalkiaren parte baten bakarrik dirau jatorrizko estilo gotikoak. Gaurko eraikinak, bada, estilo gotikoa, neoklasikoa eta barrokoa batzen ditu, azkena 1759an gehitua.

Ondarroako argazkiak hemen: LEA-ARTIBAIKO BAZTERRAK: Ondarroako kukutzak-1 (munoak) Antiguan zehar
Waypoint

Adi! Basoko beharrak

Waypoint

Asterrika

Waypoint

Errenteria

Waypoint

Kalamendi

Waypoint

Munarria1

Waypoint

Zabalmendi

Waypoint

Zubi Zaharreko amaiera

Waypoint

Zubi Zaharreko hasiera

Comments

    You can or this trail